Ekoizpen-prozesuaren lehen fasea
Harrera eta biltegiratzea
Hegaluzeak zein hegalaburrak ekoizpen-prozesu berbera segitzen dute. Lehendabizi, hegaluze edo zimarroi- pieza osoak jasotzen ditugu gure Bermeoko lantegian. Horretaz gain kontserbak egiteko beharrezko diren lehengai guztiak dauzkagu eskura (olioa, gatzuna, ozpina eta beste), baita produktuaren banaketarako beharko ditugun ontziak, etiketak eta bilgarriak ere.
Mozketa
Hegaluze pieza osoak zerrara eramaten ditugu, burua eta mendrezka mozteko. Era honetara, alde batetik mendrezka landuko dugu, eta bestetik solomoa (gainerako guztia, burua kenduta).
Egosketa
Ur eta gatzun nahasketa perfektuaren bidez egiten da, eta arrain bakoitzak behar duen denbora kalkulatzen da. Izan ere, arraina osorik, xerratan edo bentreska egosiko den arabera, denbora-tartea aldatu egiten da.
Hoztea
Egosten amaitutakoan, parrillak hoztutako eremu batera eramaten ditugu, arraina ondo hoztu dadin.
Ekoizpen-prozesuaren bigarren fasea
Garbiketa
Hegaluze-solomoak ondo-ondo garbitzen dira; azala, arantzak, hegatsak, errai-hondarrak edo sangatxoa kenduz. Ondoren, solomoak zatitxoetan mozten dira, banan-bana kristalezko potoetan sartzen joateko.
Ontziratzea, likidoa gehitzea eta ontziak ixtea
Hegaluze zatiak kristalezko-potoetan edo latetan sartu eta gero, kasuan kasuko likidoa gehitzen diogu: olioa, eskabetxea, saltsa edo ura.
Ekoizpen-prozesuaren hirugarren fasea
Ontzien esterilizazioa eta bukaerako hoztea
Esterilizazio-prozesuko tenperaturak eta tratamendu-denborak estandarizatuta dauzkagu, produktu-mota bakoitzaren arabera aldatu egiten direlarik. Esterilizazioa amaitutakoan, gainpresio bidez hozketa azkar bat egiten zaie ontziei, deformazioak saihesteko.